Gorlizen Nordic Walking


Gorlizko kostaldeak lau kilometrotik gorako luzerea dauka eta natur balio handikoa da. Izan be, azalera txiki batean euskal kostaldeko habitat eta elementu geografiko adierazgarrienetarikoak topau daitekez. Proposatzen deutsugun ibilbidean zehar, natura-, paisaje- ondare- eta kultura-elementuen multzo interesgarri batez gozau ahal izango dozu, eta hori guztia inguru bikainean.

Ibilbidea norabide-seinalez adierazota dago, baina noranzko bietan egin daiteke, gura dan iraupenagaz. Izan be, lotune asko dagoz beste udal-bide batzukaz eta bide horreek aukerea emoten deutsie ibiltariari berak gura dauan bidea hartzeko, lehentasunen arabera.

NW Ibilbidea

  • (1) Ibilbidea Gorlizko hondartzaren muturrean hasten da, Bizkaiko kostaldeko ederrenetarikoa eta trankilenetarikoa da. Oskol formako badia zabala dauka eta badia horrek hango urak babesten dauz. Hori dala-eta, ur horreek ezin hobeak dira urpekaritzea eta igeriketea egiteko. Badiaren inguruan, natura, paisaje eta aisia-eskaintza zabala dago, bai eta mendi-ibiliak egiteko aukerea be. Lekurik aipagarrienak itsas ibiltokia, gorlizko ospitalea eta astondoko dunak dira.
  • (2) Astondo aldean, euskal kostaldean bakana dan fenomenoa ikusi geinke, bata bestearen ganean dagozan geruzez osotutako duna fosilen multzo zabala; haizeak hainbat mendez hondartzako harea eroan dau eta, horren eraginez, geruza eta duna horreek sortu dira. Duna horreek erkidegorako interesa duen lekutzat katalogatuta dagoz red Natura 2000ren barruan eta, billano isleagaz batera, natur gune izendatuak izatetik hurre dagoz, biotopo babestu izendapenagaz.
  • (3) Ibilbideak astondoko dunen albotik gora egiten dau itsasertzetik, eskilaratarte batzuetatik eta begiratoki panoramikotatik pasetan da. Azkeneko begiratokitik, Azkorriagako gotorlekuaren aztarnak ikusten dira. Gotorleku hori XVIII. Mendean eregi zan, badia defendiduteko. Azkorriagako kokalekua hartzea gatxagoa da lehorreratzea gertatzen bada: itsasoan barruratzen dan lur-mihin txikia da, eta hara heltzea gatxa da. Goragotik ikusten dauz badia eta plentziako porturako sarrerea eta, ondorioz, aurreko defensek baino ikuspen hobea dauka. Gotorlekuaren inguruan edertasun malkartsuko paisajea ikusi daiteke: babesleku naturalak, heltzeko gatxak diran kalak, denporeak higatutako arrokak eta badia handiak.
  • (4) Orain gagozan lekutik, ibilbidea segiduteko aukerea daukagu, edo barriro be hasikerara bueltau gaitekez. Hasikerara bueltetako, eskumarantz doan bidea hartu behar dogu. Bide horrek foru etxaldeko, abereak aukeratu eta hobetzeko hainbat behar egiten dira, eta fauna basatia sendatzeko zentroko instalazinoetara eroango gaitu. 70 hektarea zelai berdek baino gehiagok inguratzen dabe foru etxaldea eta, zelai horreetan, gure arraza autoktonoetako animalia ederrak ikusi geinkez, bazkatzen: pottoka, pirinioetako behia eta terreña arrazako behia.
  • (5) Gora egiten segiduko dogu, kostaldeko hegalen artean, ibilbide honetako protagonistea dan elementurantz: Gorlizko itsasargia. Haren torre zuria 21 metro altu da, eta kristalezko linterna bat dauka goiko muturrean. 165 metroko itsaslabar ikaragarri baten ganean dago eta, ondorioz, kantauriko erlaitzeko itsasargirik altuena da; 29 miliako helmena dauka.
  • (6) Itsasargiaren alboko bidetik behera egiten badogu, hegal guztia kostako antxinako bateria batek zulotuta dagoala ikusiko dogu. Bateria hori 40. Hamarkadearen inguruan instalau eben hor eta, ez zen iñoiz erabili. Instalazinoak hiru bateria eukazan, mailakatutako tarte erregularretan antolatuta. Bateriak lurrazpiko galerien bidez egozan konektauta eta aginte-postua multzoko lekurik altuenean egoan. Azken bunkerretik pisu handiko kainoi baten hondakinak ikusi daitekez.
  • (7) Itsasargitik, ibilbidea segiduko dogu. Horretarako, kostaldeko artadien artetik ekialderantz doan basabideahartuko dogu, ermua mendian gora, gailurreraino (289 m). Ermua mendia hainbat tontor daukazan mendigune txikia da eta tontor horreek itsasoraino bajatuten dira zuzenean, 200 metrotaraino itsaslabar handiak sortuz. Itsaslabar horreen artean, tarteka, kala txikiak agertzen dira. Ermua mendiko tontorrak bista ederrak eskaintzen deusku. Egun argiz, gorbeia eta oiz mendiak eta kostaldera begiratuta, Matxitxako ekialdean eta Kantabriako mendiak mendebaldean ikusi daitekez.
  • (8) Gure aurrean Billano isla txiki arrokatsua aurkitzen da. Isleak etxunduta dagoan dragoiaren forma berezia dauka, uretatik urteten. Geologia- eta paisaje- balio handia dauka eta hegazti migratzaileek habiak egin eta atseden hartzeko leku garrantzitsua da. Horregatik, natur gunetzat hartu eta babesteko aholkua emon dabe.
  • (9) Ermua menditik, ekialderantz segidu geinke, Armintzarantz. Halandabe, gure ibilbidean hasikerako puntura bueltauko gara, Astondora, Fanoko zelaiak zeharkatuz, paisaje ederra eskaintzen daben arte eta belardi artetik.

Ruta Nordic Walking por Gorliz

 

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *

Jaso Gure Buletina

GORLIZ EZAGUTU

AZKEN POST-AK

  • MITOLOGIA PERTSONAIAK ERAKUSKETA
    Euskal mitologia Euskal Herriko sinesmen eta kondaira tradizionalen multzoa da. Mitologia aberats horrek antzinatean du jatorria, eta euskal iruditeria kolektiboaren parte diren…
  • KOLESTEROLAREN IBILBIDEAK
    Gorlizen harro egoteko moduko zerbait badago, gure inguruko natura zoragarria da. Horregatik, kirolaz eta inguruan ditugun paisaiez gozatzeko ibilbide ugari ditugu. Badakigu…
  • Goi erdi-aroko arkeologia aztarnak
    2008.urtean aparkalekuaren birmoldaketa egin zenean, Bizkaia mailan oso interesgarriak diren goi erdi-aroko arkeologia aztarnak aurkitu ziren. Ikerketa arkeologikoak VII eta XVIII. mendeen…
  • Larraganenako Estela
    Gorlizko erdialdean dagoen Larraganena baserrian disko-formako hilarri bat aurkitu zen, gaur arte ezezaguna. Hilarria erdi lurperatuta zegoen jabetza horretako lorategian, eta bizilagunek…
  • 15. Haur ibilbidea: Gorlizen inguruko pasealeku bat familia osoarentzat edo zabuen ibilbidea
    15. Haur ibilbidea Pedro Pablo Uriartek argitaratutako ibilbidea: “15 ibilbide zirkular Gorlizetik haurrak dituzten familientzat” Ikusi ibilbidearen mapa Wikiloc-en IBILBIDEAREN FITXA: Iraupena:…